XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zeren eta, argudioak honela segitzen zuen, nik eta nire (kristau) kide guztiek, arrazoidunak diren heinean, egiatzat jotzen dutena, izatez horrela ez bada, orduan Jainkoak, nire gogamenean Lege Naturalaren prima praecepta horiek ezarri dituenak, zeinen bidez nik munduari buruzko neure ulerkuntza eratzen dudan, ni engainatzen dihardu.

Hori guztiz pentsaezina da.

Ezaguerak, beraz, gizaki guztiak ados dauden horrek izan behar du egia.

Vitoriarenzat, Akinokoarentzat bezala, naturaren legea zen gizakiak bere inguruko munduarekiko zeukan erlazioa euskarritzen eta gizarteko edozein iharduera gobernatzen zuen kausa eragilea.

Berak bakarrik ematen zion teologoari mundu naturala deskribatu eta azaltzeko aukera, baita gizakiak bertan zeukan lekua ere, erabat arrazoizko terminotan.

Ebanjelioetako eta Dekalogoko egia, eta berorrekin Erromatar Legeko testuetan ezarrita zeudenez Europako instituzio politiko eta sozialen zuzentasuna, erabat defenda zitekeen, agerkundera jo gabe lehen printzipio autoebidente batzuetatik gogamen razionalak ateratako ondorio ezinbestekotzat.

Giza Legea edo Lege positiboa lex humana, lex civilis edo lex positiva gizakiak promulgaturiko lege horiez eraturik zegoen.

Horiek behartzaileak izateko Lege Naturaleko manamendu batetik edo bestetik eratorriak izan behar zuten, zeren eta jadanik gizaki guztiek kontzientzian (in foro interno) ezagutzen zutenaren kanpo-munduko promulgazio soilak baitziren (in foro externo).

Baina Giza Legearen diktatuak, Lege Naturalekoak ez bezala abrogatuak izan zitezkeen eta beren autoritatea giza egintza soiletik zetorrenez gero, begibistan zegoen aldatu egiten zirela, batzuetan errotik gainera, komunitate batetik bestera.

Erdibide bat harturik eta lege naturala eta positiboaren artean posizio guztiz zalantzakorrarekin Nazioen Legea, ius gentium zegoen.

Lege-gorputz hau Vitoriak mundu guztiko... ongitasunaren botereak promulgaturiko manamendu-multzo deitzen zuena zela esan zitekeen, tokian tokiko legegintzazko konbikzioak, sinesteak, komunitate bakoitzaren ohiturak edo denboran zuten kokapena bera ere kontutan hartu gabe.

Vitoriarentzat, nahiz eta ez izan horrela Akinokoarentzat, hori Lege Positiboaren funtsezko parte bat zen.

Hori, berak zioenez, berez bidezkoa ez dena, baina giza aginpidez arrazoian oinarriturik ezarria izan dena.

Baina ius gentium horrek zuzenean Lege naturaleko prima praecepta-en gainean oinarriturik egotearen premia, eta abrogatzea ia ezinezko egiten zuen kontsentsu unibertsal baten gainean bermaturik egoteak gainera (nork imajina lezake munduko herri guztien biltzar legegilerik?) esan nahi zuen argi eta garbi askoz hurbilago zegoela lege naturaletik agintari banakoen promulgazioak baino.